Hasiera Karma Kagyu Eskola

Karma Kagyu Eskola

Karma Kagyu Eskola

Kagyu eskolaren leinu laburra Dorje Chang Dharmakayarekin hasi zen. Ez da Buda historiko bat, etengabe bedeinkapena darien izaki distiratsuetako bat baizik. Tilopa siddha indiarrak Dorje Chang-engandik ondarea jaso zuen eta, aldi berean, bere ikasle Naropari pasa zion. Naropak, berriz, Yogen praktiketara ekarri zuen Marpa Itzultzailea (1012-1097), eta azken honek hainbat bidaia egin zituen Tibetera, askotariko maisuen irakaspenak hartzeko. Horien artean, Mahamudraren ondarea dago, Kagyupa eskolek berezko duten ezagutzaren eta meditazio-praktiken oinarri. Leinuak jarraitu egin zuen, Milarepa-ren (1040-1123) eta Gampopa-ren (1079-1153) bidez. Azken honek, Kadampa tradizioaren irakaspenak gehitu zituen, Dusum Khyenpa lehen Karmaparaino heldu arte. Dusum Khyenpak, berriz, Karma Kagyu edo Karma Kamtsang eskolaren sortzaile izan zen (1110-1193).

Une horretatik aurrera eta egundaino, Karmapen haragipenak hurrenez hurren etorri dira XVII.era heldu arte: Orgyen Trinlay Dorje. Egun, Gyuto Ramocheko monasterioan bizi da, Indian.  Bere erruki handiari esker, Budaren Dharmaren ondarea babesten jarraitzen du eta, bereziki, Kagyupa leinuaren jarduera. Hemen duzu bere jarduerei buruzko informazioa: www.kagyuoffice.org.

Kagyu eskolak hainbat adar ditu, askotariko maisuek sortutakoak. Khyungpo Neljor-ek Shangpa Kagyu leinuari eman zion hasiera. Tibetetik Indiara bidaiatu zuen, eta irakaspenak jaso zituen, batez ere Sukhasiddhi, Rahulagupta eta Nigumarengandik. Niguma, Naropa mahasiddharen ezkontidea zen. Leinu hori egundaino luzatu da, hainbat maisu handiri esker, adibidez, Jamgon Kongtrul Rinpoche Gorentasunari eta Kalu Rinpoche Guztiz Beneragarriari esker.

Gampopa-ren hurrengo dizipuluek lau eskola handiak eratu zituzten: Phaktru, Kamtsam edo Karma,Tsalpa eta Barom. Lehenengotik, zortzi azpieskola sortu ziren: Drikhung, Drukpa, Taklung, Yasang, Trophu, Shuksep, Yelpa eta Martsang. Horietako batzuek indarrean jarraitzen dute egun ere, etenik gabeko maisuen leinu bati esker.

Kagyu eskola egun jarraitzen duten lau eskola handietako bat da, Nyingmapa, Gelukpa eta Sakyarekin batera, eta Vajrayana budismoaren ondarearen muin nagusia izaten jarraitzen du.